2011/12/20

Palenqueren aldeko egutegia salgai

Palenquerako dirua batzeko asmoz 2012ko egutegia egin dogu Pastoral taldean, aurreko urteetan Palenquera joan diran lankideen laguntzaz.


Egutegiak handiak dira (bankuetan emoten deuskuezanen antzekoak) eta hilabete bakoitzean argazki desbardina eta egunak daukaz. Gainean idatzi daiteke, hilero gogoratu behar doguzan gauzak idatzi ahal izateko.

Zalantzarik badozu inolako konpromiso barik eskatu bat eta begiratu egizu erosi aurretik, seguru atsegin izango dozula. Etxean edo gelan ipinteko oso erabilgarria da eta, bide batez, Palenqueko lagunei laguntzeko modua.

Begoñazpi Ikastolako Idazkaritzetan erosi daitekez, 6€-tan.

Eskerrik asko laguntzagaitik, Gabon zoriontsuak izan.



2011/12/16

SENDI ARTEKO ABENDUALDIKO MEZA

Hilaren 18an, domeka, eguerdiko 12:00etan, sendi arteko abendualdiko meza ospatuko dogu Ikastolako kaperan-


DANOK GAGOZ GONBIDATUTA.

Gogoratu KIDENDA, Bidezko Merkataritza, saltokia egongo dala eta Palenqueren aldeko egutegia be salgai izango dozue.

Hemen, Abendu-aldiko IV domekarako, Begoñazpi ikastolan erabilitko doguzan power pointa eta mezaren gidoia topatu daikezuz:

2011/12/14

Inazio, Oskar eta Jovaisa diakono izendatu dabez

Begoñazi Ikastolatik ibili diran Ignacio Fernández, Óscar González eta Jovaisa Herrán aste honetan diakono izendatu dabez. Ospakizunean On Mario Izeta gotzaina izan zan buru. Abade egingo dira hirurak ekiturtearen amaieran, ekainaren 24an. Zorionak eta mila esker hirurei !!!

2011/11/18

2011ko "Gazte Model Saria" Begoñazpi Ikastolan

Begoñazpi Ikastolak `Gazte Role Model Saria´emon eutsen gure inguruan eredugarri diran enpresari biri. Ondo egindako lana eta alkartasuna dira euren ezaugarrietariko batzuk. Juan Luis Arregik eta Luis de Lezamak "bihotz-bihotzez" eskertu eben saria.

Bizkeliza webgunean agertzen dan barria:

Elizbarrutiko Begoñazpi Ikastolak eratutako ekitaldira ikasleak, irakasleak eta aurreko urteetan saria irabazi ebenetariko batzuk joan ziran. Topaketan, beste behin, eragile eta ekintzaile on bi saritu ebezan eta, kasu honetan, sarituek, zuzendu eta suspertu dabezan enpresetan egin daben lan goraipagarria omendu gura izan dabe.


2011/11/16

Bidezko Merkataritzaren Bilboko IX. astea

Zer da BIDEZKO MERKATARITZA?


Ohiko merkataritzaren ALTERNATIBA bat da, Hegoaldeko produktuak Iparraldeko merkatuetara eraman nahi dituena, pertsonak eta ingurumena ERRESPETATUZ, bitartekariak kenduz eta trukerako BIDEZKO harremanak SUSTATUZ, ez dohaintzazko harremanak soilik.


Bidezko Merkataritzaren irizpideak:

Soldata eta lan-baldintza duinak
Epe luzerako harreman komertziala
Prezioaren zati bat aurretiaz ordaintzea
Ekoizleen elkarteek euren etekinen zati bat herrialdeen oinarrizko premietarako uzten dituzte
Umeen lan-esplotaziorik eza
Gizonezkoen eta andrazkoen arteko berdintasuna
Partaidetza-bidezko funtzionamendua
Errespetua ingurumenari
Kalitatezko produktuak

Bidezko Merkataritzaren Bilboko IX. astea


Kepa Mallea Olaetxea Goian Bego

"Elkar adosten dakigunean

atsegina da bizitza


Gure gatazkak bideratzeko arma onena da HITZA"

2011/11/07

«Lectio divina»

Nola lagundu Espirituari Jainkoaren Hitza bizia dakarkigun hitza izan dadin benetan guretzat? Nola egin Bibliaren irakurketa benetan espirituala?

«“Lectio divina” Jainkoaren Hitz bezala onartutako Bibliako pasarte luze nahiz laburrago bat, bakarka edota elkartean, irakurtzea da. Espirituaren moziopean garatzen da hausnarketa, otoitza eta kontenplazioa eginez».(ERROMAKO BATZORDE BIBLIKOA, a.i., III, C. 2.)


Elizak bere jatorrietatik irakurri izan du Liburu Santua fedezko jarreraz eta otoizlari senaz. Nahikoa da Lukasen Ebanjelioaren inguruan biltzen ziren elkarteei begiratzea hori egiaztatzeko: Bibliako testuak errespetuz hartzen baitzituzten, interpretatu, Jaunaren Pazkoaren argitan elkartean irakurri, arduradunak batzarburu zirela, eta beren bizitzarako irakaspenak bilatzen zituzten testu haietan.

Lectio divina» deritzanaren urratsak

Ibilbide osasungarri honi ekin aurretik, ezinbestekoa da honetaz konturatzea:

Espirituak eragiten duela Liburu Santuetan Jainkoaren Hitza aurkitzea. Saia gaitezen geure barruan antzematen, hortxe baitu bere etxea. Egin diezaiogun otoitz norberaren baitako isiltasunean edota elkarteko otoitzean. Beharbada, beste pentsamendu, nahiera, oroitzapen batzuk etorriko zaizkigu; horiek sakabanatuko gaituzte eta eraso egiten digutela sentituko dugu. «Lectio» delakoari ekin aurretik, egin dezagun kanpoko isiltasuna; horrek barruko isiltasuna egiten lagunduko digu, hau da, kezkatzen gaituenetik psikikoki urrutiratzen eta «Jainkoaren terapian» sartzen lagunduko digu.


1. Behin eta berriro irakurtzea (Jainkoari entzuten)

Lehenengo urratsa, testua behin eta berriro irakurtzea da. Arreta osoz eta errespetu erlijioso gorenaz egin behar da. Irakurketa honek galdera bati erantzun nahi dio: zer esan nahi izan zien Jainkoak, idazle santuaren bitartez, pasarte honen lehenengo hartzaileei? Erantzun egokia emateko, ezinbestekoa da testua bere testuinguruan kokatzea, bere izatasuna identifikatzea, testuak zer dioskun Jainkoaz, geure buruaz, munduaz galdetzea. Irakurketa taldean egiten bada, egoki da monitoreak aurkezpen labur eta soila egitea. Sarrera eta ohar egokiz aberastutako Biblia eduki behar dugu, gutxienez. Testura arrazoizko hurbiltze zehatz hori eginez, testua gaur egungo gure egoerara subjektibotasun handiegiz aplikatzea saihestu nahi da. Bestela, esaten ez duena esanaraziko genioke Bibliari. Testuaren jatorrizko adierak eta gaurko adierak loturik egon behar dute bata bestearekin.


2011/10/18

Haurrentzako Otoitzak (3,4 eta 5 urte)

     
Nork zaintzen zaitu?

 Isiltasuna Jainkoari dei egiteko:

Taldean isiltasuna egiteko eskatu behar diegu haurrei eta, isil-misilka ondorengoa esan dezatela: Aita Jainkoa! Aita Jainkoa! Haurrak gustura daudela ikusi arte errepika dezakegu.

  Mirespenerako deia:

Mutiko eta neskato bakoitzak esan ditzala bere ustez Jainkoak ondo egin dituen gauzak: txoriak, zuhaitzak, abereak... Eta boz goraz esan diezaiotela Jainkoari zergatik diren politak zelaiak, loreak, abereak, gizakiak...

Eskerrak emateko deia:

Apurka-apurka, haurrak daukaten guztiagatik eskerroneko izatea lortu eta Jainkoari jaso duten guztiarengatik eta gizakiei jasotzen duten maitasunagatik eskerrak ematen jakin dezatela.

Haur bakoitzak zerbait eduki dezala bere eskuetan, esate baterako, lorea, zuhaixka baten edo beste zerbaiten adartxoa, Jainkoari oparitzeko. Eta gelako txoko batean edo lorategian utz dezatela zergatik egiten dioten opari hori Jainkoari boz goraz esanez.

2011/10/03

Izan aldeko tapoi batza

Izan Santutxuko auzokideak egokitutako aulkia behar dau ospitalera, hondartzara, mendira... joan ahal izateko eta gurasoek laguntza eskatu deskue.

Begoñazpi ikastolako Bigarren Hezkuntzako sarrerean ontzien tapoiak era latak zabaltzeko piezak batuko doguz.

Eskerrik asko laguntzeko !!!





Biblia "Los Simpsons" telesaioan



DBHn Bibliaren garrantzia azaltzeko arazoak dodaz. Zertarako ikasi behar dogu Biblia XXI.mendean? "Ni ez naz abade izango..." Hemen, erantzun posible bat dozue: "Los Simpson" ulertzeko.

Badago kapitulu oso bat "Simpsons Bible Stories" "Historia de la Biblia" 10. denboraldikoa, Bibliaren inguruan (10x18). Eta benetan, ez dago ulertzeko modurik, Bibliako oinarrizko elementu batzuk ezagutu barik.

2011/09/30

Bibliako kanona (Wikipediarako idatzitako artikulua)

1.- Zer da Bibliaren Kanona?


Bibliako kanona Biblia osatzen duten liburuen zerrenda ofiziala da.


 2.- Zer dira liburu "Protokanonikoak", "Deuterokanonikoak" eta "Apokrifoak"?
Protokanonikoak: inoiz ez da ipini zalantzetan euren kanonizidadea.

Deuterokanonikoak: inoiz egon dira zalantzak, baina azkenik Elizak Kanonean sartu ditu. Protestanteek ez.

Itun Zaharrean: grekoz idatzitako liburuak: Tobias, Judit, 1 eta 2 Makabearrak, Baruk, Sirazida, Jakituria eta Ester Liburuaren zati batzuk(Est 10,4-16,24) Eta Daniel liburuaren beste batzuk (Dn 3,24-90; 13-14).

Itun Barrian: Hebertarrak, Santiago, Judas, 2 Pedro, 2 y 3 Juan, Apokalipsia, y Mk 16,9-20 eta Jn 7,53-8,11.

Apokrifoak: Liburu hauen kanozidadea zalantzetan egon da batzuetan, eta azkenean ez dira Biblian sartu.

2011/09/27

Jesus Nazaretekoaren historikotasuna

Jesusen jarraitzaileen dokumentuak aparte (Itun Barriko ebanjelioak), Nazareteko Jesus aipatzen diran historialari fedegabeen dokumentuak oso gutxi dira. Nabarmenak hauexek dira:


Flavio Josefo (K.o. 38-100), historialari judua, erromatarren zerbitzura. Antzinate judua liburuan, Jesusen izena aipatzen du. "Garai horretan, Jesus bizi izan zen, gizon jakintsua, baldin eta gizon deitzerik badago (...). Gure naziokopertsona nagusiek eginiko salaketa tarteko, Pilatok gurutzean hiltzera kondenatu zuen. Baina maite zutenek ez zuten utzi." (Flavio Josefo, Antzinate judua, XVIII.liburua, 63)

Tazito (K.o. 55-120), historialari latindarra eta politikari erromatarra. "Bazebiltzan zurrumurru batzuk, Neroni Erroma erretzea egozten ziotenak. Esamesak isiltzeko, errudun batzuk aukeratu zituen, kristauak. Herriak gorroto zien. (...) Izen horren sortzailea, Kristo, Pontzio Pilato gobernadoreak kondenatu zuen hiltzera, Tibero enperadorearen agintaldian" (Tazito, Annales III, XV, 44)

Plinio Gaztea (K.o. 61-114) Gobernadore erromatarra Bitinian (egungo Turkia). 112. urtean, gutun bat idatzi zion Trajano enperadoreari, kristauekin izan behar zuen jokabideari buruz aholkua eskatzeko. Gutunean Jesus aipatzen du. "Kristauen erru bakarra hauxe zen: ohitura zutela egun jakin batean egunsentiaren aurretik elkartzea, eta, bata bestearen atzetik, Kristori kanta bat errezitatzea, Jainkoa balitz bezala" (Plinio Gaztea, Trajanori gutuna, 10,96)

http://eu.wikipedia.org/wiki/Jesus_Nazaretekoa

http://press.nationalgeographic.com/2012/09/04/in-the-footsteps-of-jesus/

http://enlacumbre2028.blogspot.com.es/2013/10/existio-realmente-jesucristo.HTML

2011/09/13

JMJ Begoñazpi Ikastolan

Abuztuaren 11tik 15era, munduko herrialde desbardinetako 76 gazte izan doguz Ikastolan. Puerto Rico, México, Uruguay, Paraguay eta Poloniatik etorritako gazteak hain zuzen ere.
Egun horreetan, Bilboko Elizbarrutiak beren beregi antolatutako kultura eta fede ekintzetan parte hartu dabe. Oso egonaldi atsegin eta interesgarria bizitzeko aukera izan dabela aitortu dabe.

Abuztuaren 15ean Madrilera joan ziran munduko gazteek Aita Santuagaz izan eben topaketan parte hartzera.

 Bizkeliza web-gunean holan argertu zan

Begoñazpik ehun gazte hartuko ditu Elizbarrutiko Egunetan

Udako egonaldia Palenquen

Ikasturtearen amaieran iragarri geuntsuenez, udan, Juan Carlos Gutierrez irakaslea eta Ainhoa García andereñoa Ecuadorreko Palenquera joan dira.


Ekintza hau “Palenque-Begoñazpi” alkarlaguntza proiektuan oinarritzen da.

Bertan lanean jardun dabelarik, hainbat esperientzia bizi izan dabez, bai Fatima eskolan, bai landetako eskoletan, bai kristau komunitateetan.

Egonaldiak hasi barri dogun ikasturterako helburuak finkatzen lagunduko deusku.

Aurrerantzean, gai honi buruzko argibide gehiago be eskainiko deutsueguz.


2011/09/08

Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa DBH 4. mailan

Begoñazpi ikastolako ikasturte honetan, 2011-2012, nobedade batzuk egongo dira. Deigarrien artean Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa izango da.

Ikasturte honetan dbh 4.mailako ikasleek Ikasketa eta Zerbitzu solidarioaren esperientzia eukiko dabe.

Baina zer da hau?

Alde batetik, ikastolako ardatz nagusienetariko bat baloreak lantzea da, kristau eta giza baloreak. Beste alde batetik, metodologia aldetik, argi dago metodologia aktiboagoak beharrezkoak dirala. Gure ikasleak ez datoz ikastolara datuak buruz ikastera, baizik eta hezitzaile esperientziak izatera, haiek protagonistak izanda, pertsona lez garatzeko.

Zerbikas webgunean oso ondo azaltzen da zer da Ikasketa Zerbitzu Solidarioa:



Gure ikasleek Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan euren gaitasunak garatuko dabez, besteen zerbitzuan euren abileziak aplikatzen. Guzti hau eremu formal batean, heziketa formalaren barruan. Hau da, klase orduetan, helburu hezitzaile baterako, ebaluatzen "notarako"... Zerbikas webgunean oso ondo azaltzen da gideen bidez.

Zergaitik erlijio eta etika orduetan?

Irakaslegoan dagoen kartel honetan oso argi azaltzen da:



2011/09/06

YOUCAT : Gazteentzako katixima

Baina, non dago Jesus? eta zure izena? eta nirea?

Erlijioaren katolikoaren Curriculum ofiziala birpasatzen ari naz.

Wordle aplikazioa erabiltzen, ondoan dozun irudia sortu jat. Polita dirudi, baina...
Deigarria da Jesus izena ez agertzea, ezta?

Ikasturte honetan 275 ikasle, gitxi gora behera, eukiko dodaz. Izen guztiak ikasten saiatuko naz. (Ez pentsa hain erreza danik, 175 egun lektiboak baino ez dodaz 275 izen horiek ikasteko, baina saiatuko naz... Ia lortzen dodan!!) Nire ustez, izen propioak ez erabiltzea oso itsusia da. Zurea ahazten bajat lagunduko deustazu, ezta?

Biblian, izen propioaren garrantzia askotan agertzen da.

"Jaio aurretik izan ninduen gogoan Jaunak,

amaren sabelean nengoela, neure izenez deitu" Isaias 49,1

Ikasturte barri on lagun !!

2011/06/27

GMG 2000 - JMJ 2011



Abuztuan ez naz Madrilera joango 2011ko Gazteen Munduko Jardunaldia ospatzen. 2000.urtean bai parte hartu nebala Erroman ospatutako gazteen topaketan. Orain dala 11 urte, gazteagoa nintzan, eta ez neban konpromiso familiarik. Aurten ez naz Madrilen egongo, baina dana dala aurtengo gazte topaketan parte hartzen saiatuko naz. Oraindik ez dakit non egongo naizen data hauetan. Baina egongo naizen lekuan, atzerritik etorritako gazteengana hurbiltzen saiatuko naz, harrera on bat emoten.

2000. urtean Grumello Del Monten egon nintzan familia baten etxean ostatuz, eta hango gazteek emon euskuen harrera ezin hobea izan zan. Kristauok gauza gitxi euki behar dogu argi: alkar maitatzea, eta aita bereko seme-alabak garala guztiok.

Gure ikastolara 100 gazte inguru etorriko dira. Bilboko elizbarrutiak ekintza batzuk prestatu dabez eurekaz ospatzeko. Zu be gonbidatuta zagoz hauetan parte hartzen. Animatuko zara?

Eta Mundu Osotik etorritako Gazteak: ONGI ETORRI Begoñazpi Ikastolara !!

2011/06/17

Beti prest !!

Begoñazpi ikastolako ikasle bi hauek, (eta txisteak dinoenez, Markel eta Enekoren artean ipini zan beste gizon jator batek) Saizarbitoriaren ‘Hamaika Pauso’ liburuaren irakurketan parte hartu eben atzo.

Euskara Ikasleen Jaia urteroko ospakizuna dala-ta Bilbo Zaharra euskaltegiak Arriaga antzokian antolatutako “Klasikoen IV. irakurketa” dalakoak gizarte, ekonomia, kirol, politika eta eliz esparru desbardinetako 400 lagun inguru batuko ebazan atzo, arratsaldeko 20,00ak arte.

Gehiago jakiteko bizkeliza web gunera jo.

2011/06/15

Agur Erlantz Agur

Gure Erlantz zapatuan joan jaku . Barriro ez dogu gure artean ikusiko. Ez 03an, ez patioan, ez geletan... Baina ez dogu hain errez ahaztuko.

Ez dakigu noiz hilko garen. Argi eta garbi emoten da Erlantz arinegi joan jakula, bere bizitza betiko apurtu dala, onena oraindik ez dauala bizi izan...

Baina Erlantz ezaguturik,  badakigu bere bizitza laburregi izan arren, betea izan dala. Apala, eskuzabala, lagun ona, pertsona ona... batzuk urte asko beteko dabez hori lortu barik. Eskerrik asko Erlantz.

Hurrengo bizitzan eskertuko deutsugu. Ez dozu batxilergoa egin, baina gura barik gure artean irakasle eta maisu bihurtu zara. Leziorik garrantzitsuena zuk emon deuskuzula eta. Bizitzako egun guztiak aprobetxatu beher doguz, pertsona onak izateko, lagun onak izateko, seme onak izateko, neba onak izateko...

Mila esker Erlantz eta besarkada handi handi bat Erlantz maite dozuen guztieei: aita, ama, arreba, lagunak, ikaskideak, irakasleak...

2011/05/16

ZERBITZUA DA BIHOTZAREN BIDEA. PAZKOALDIKO SENDI ARTEKO MEZA

Hilaren 15ean, domeka, ikasturte honetako bigarren sendi arteko meza izan dogu.


ZERBITZUaren inguruko ospakizun hau gure fedearekin bat egin dogu.

Hori dala eta, talde solidarioetako partaide diran ikasleek urtean zehar burutu dabezan konpromezuak Jainkoari eskaini deutsoez.

Honez gain, aurtengo udan Palenqueko eskolara lanera joango diran Ikastolako irakasle bien bialketa zeinuan be parte hartu genduan. Irakasleak honeexek dira: LHko Ainhoa García eta DBHko Juan Carlos Gutierrez. Eskerrik asko Ainhoa eta Juan Carlos !!

2011/04/13

"Gure señeak" alkartekoak Begoñazpi Ikastolan

Abenduan Begoñazpi ikastolako talde solidario kideek merkatu txikiko proiektua burutu eben(abenduaren 9tik-17ra). Zuen jostailuekin eta zuen semeen parte hartzeagatik 1182,19 € batu doguz. Batu dan dirua Gure Señeak, Derioko elkarteari bidali jako. Elkarte honek gaixotasun arraroak daukazen umeei laguntzen deutse, hau dala eta geuk gure helburua daukagu Derioko neska bati, Arene deitutakoa, laguntzea. Neska honek zailtasun handiko gaixotasun bat dauka.

Gaur, apirilaren 13an konferentzia bat egin da eta bertara LMHko 5º eta 6º mailako 5 ume etorri dira eta DBHko klase bakoitzetik 3 pertsona. Konferentzia grabatu egin da eta erlijioko eta tutoritzako klaseetan ikusi ahal izango dute konferentziara joan ez direnak. Hitzaldira Areneren Aita, Nestor Sangroniz eta Gurutze Rola, Gure señeak alkartearen lehendakaria etorriko dira euren bizitzaren egoera azaltzeko eta sentziblizatzeko. Hitzaldiaren amaieran irabazitako diruaren txekea emon deutsegu.

Eskerrik asko zuen laguntzagaitik eta zuen laguntza barik jarduera hau ez zan posible izango.

Argazki gehiago hemen dozuz.

2011/04/04

Azkenak, lehenak. Mila bidelagunen milla

Begoñazpi ikastolak, hilaren 1ean, Alkartsasun Zeinuaren barruan Elizbarrutiak antolatutako ume eta gaztetxoen martxan parte hartu dau.
“Mila bidelagunen milla” lemapean , LHko 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek beste hainbat ikastola eta ikastetxetako gaztetxuekin batera, krisiaren ondorioak jasaten dabezan pertsonekin bat egin nahi izan dogu.
Udaletxetik urten eta Dña. Casilda parkean  amaitu da martxa.
Bertan, bidea gugaz egin dauan On Mario Iceta Gotzainak gaiaren inguruko hitz batzuk adierazi deuskuz.
Ekitaldia amaitzeko partaideok Zeinuaren otoitza aldarrikatu dogu.

Argazki gehiago

2011/03/27

Sakramentuak

Orain dala gutxi, dbh 2. mailako erlijio ikasleei sakramentuei buruzko lan bat euskeraz egitea esan neutsen. Orokorrean lanak oso oso eskasak izan dira. Aurkezpenetan agertutako informazioa oso urria eta akatsez beterik egoan. Esate baterako, hiru taldeetan ezkontza sakramentuari buruzko aurkezpenak agurrekin hasten ziran (“despedida de soltero/a” dalakoan), soinekoen eta gonbidapen garrantzia azpimarratzen zan, eta ezti bidaiak aukeratzeko aholkuekin amaitzen ziran… sakramentua berba be ez zan inondik inora agertzen…

Argi eta garbi, lanak ebaluatzean notak oso baxuak izan ziran eta ikasleen betiko kexak: interneten ez dago euskarazko erlijioari buruzko informaziorik. Eta kasu honetan ikasleek arrazoia eukien. Wikipedian “sakramentu, sakramentua, sakramentuak” berbak ez ziran existitzen. Wikipediatik kanpo ez egoan informazio handirik; esate baterako, Eliza Katolikoaren Kristau-bidea edo katixima ez dago euskaratuta.

Honen aurrean zer egin? Itxaron? Edo itzuli? Azkenean Eliza Katolikoaren Kristau bidean agertzen diran sakramentuen laburpenak itzuli egin nebazan eta site barri batean eta euskarazko wikipedian batu dodaz. Hona hemen:

https://sites.google.com/site/sakramentuak/

http://eu.wikipedia.org/wiki/Sakramentu

Lan gogorra izan da eta bakarkako lana izan danez baliteke akatsaren bat egotea. (Bat baino gehiago) Mesedez halakoren bat egonez gero Komentarioetan idatzi eta zuzenduko dot. Eskerrik asko zure laguntzagaz.

2011/03/25

Bai Bizitzari !!

Arratsaldeko zazpietan, Santiago katedralean

Gotzaina izango da gaur buru Biziaren aldeko Eukaristian

On Mario Izeta Bilboko gotzaina izango da gaur, martxoak 25, barikua, arratsaldeko zazpietan Santiago katedralean ospatuko dan Eukaristian, Biziaren aldeko Jardunaldia dala-ta. On Mario Izeta kide dan Familia eta Biziaren Babeserako Gotzainen Batzarreko Azpibatzordeak “beti dago bizitzeko arrazoiren bat” izenburudun mezua egin eta zabaldu dau.

Gotzainek, Jardunaldi honetarako idazkiaren hasieran, zera gogoratzen deuskue: gizaki bakotxaren bizia sagaratua dala eta “persona bakotxa bere aintzaren irudi izan daitela eta bere Semeagan danak bere seme-alaba izan daitezala nahi izan dauan Jaungoikoaren betiereko maitasunean dau bere sorrera. Horregaitik, bizia ondasuna da eta bizia zaintzea betebeharra”. Euren idazkian, ondorengoa nabarmentzen dabe: “halanda be, gaur egun, Jaungoikoak hemen eta betikotasun guztian maite dauan giza bizitzaren handitasun eta edertasuna ez estimatzera garoazan iluntasuna dago. Argi falta honek –dinoe gotzainek-, sortzen dan unetik bertatik, gizakiaren duintasun pertsonalaren autormenean eragiten dau, abortuaren azken legean barriro be ikusi dogunez, krimen hau eskubide bihurtzen daualarik”.

Bizkeliza.org webgunetik hartuta

2011/03/01

Begoñazpi ikastolatik Boliviara

Pasaden barikuan, Begoñazpi ikastolan erabiliko ez doguzan ordenagailu batzuk Boliviara bialdu genduazan, menetarren S.A.L. gobernuz kanpoko erakundearen bidez.

S.A.L. 1992an sortu zan gazte batzuek Culipran eta Llay-Llayn (Txile) egindako lankidetzari esker. Gaur egun “Hirugarren Mundua” dalako horretan zenbait garapen proiektu burutzen dabez. Hego Amerikan (Txile, Bolibia) eta Indonesian bereziki Garapenerako Laguntzarekin lotura daben proiektuetan lan egiten dabe. Lurralde hauetako behartsuenekin hezkuntza-lana egiten dabe, bertako umeekin zein hauen gurasoekin garapena errazteko eta hezkuntza-tresnak emateko. Urtero bezala EDUKIONTZI SOLIDARIOAREN kanpaina egin dabe, eta honen barruan ikastolak emondako laguntza kokatzen da .

Eskerrik asko Begoñazpi ikastolako ikt arduradunei (Joserra eta Ainoa), baita Nerea Bilbaori, eskuzabaltasuna hain azkar erakusteko prest agertzeagaitik. Barriro, teknologia barriak giza garapenerako ipini behar dirala erakutsi dozue, edozein muga apurtzen. Bihotz bihotzez, Boliviako lagun barrien izenan:
Mila esker !!!

2011/02/15

Ingelesez otoitz egiteko: Daily prayer for your MP3 player

Pray as you go web gunean eguneroko otoitzak deskargatu daikezuz dohanik. Musika ederra daukie, eta Jainkoaren Berba entzuteko, sakontzek eta gozatzeko aukera paregabea topatuko dozu.

Review of the day honi esker, eguneroko azterketa egin daikezu. Hartu minutu batzuk Jainkoaren presentzian ipinteko. Eizu froga ! Ez dozu ezer galduko.

Gaur, aste honetakoak mugikorrean deskargatu dodaz eta gero metroan, etxera joango naizenean entzungo dodaz. Kontatuko deutsut.

Agate Deuna

Aurten be, urtero lez, Agate Deuna bezperan Ikastola osoan izan dogu zer ospatu.

Bariku goizean, Ikastolatik urten eta irakasleen laguntzaz, adin guztietako ikasleak, Agate Deuna abesten ibili ziran Bilboko auzoetatik, inguruan pasatzen ziranei Palenqueren aldeko limosna eskatuz.

Arratsaldean, iazko esperientzia ona izan zala eta, ikasle, irakasle, guraso eta lagun talde handi bat alkartu ginan. Ikastolan azken saio orokorra egin ondoren, Agate Deuna abestera urten genduan.

Ikastolan hasi eta Begoñako basilikan, abadeen egoitzan, Mallonako futbol zelaian…abestu ondoren, Santiago plazan Ikastolako dantza taldeak erakutsitako dantza-emonaldia izan genduan. Ikuskizun bikaina, benetan!.

Egunari amaiera emoteko, Alde Zaharreko Plaza Barrira jo genduan, bertan Guraso Alkarteak tortilla batzuk jaten gonbidatu ginduzalarik.

Egun horretan parte hartu genduan guztioi esker, Palenquera jasotako 1.110,83 € bialduko dira.

Eskerrik asko guztioi!

Begoñazpi ikastolako web orritik hartuta

2011/02/08

Jesus, ez dozu eskurik

Jesus, ez dozu eskurik.
Gure eskuak dozuz,
justizia beteko
mundua eraikitzeko.

Jesus, ez dozu oinik.
Gure oinak dozuz,
gizon-emakumeok
maitasunaren
bidean ibiltzeko.

Jesus, ez dozu ezpainik.
Gure ezpainak dozuz,
mundu guztiari
Ebanjelioaren
Barri Ona helarazteko.


Jesus, ez dozu tresnarik.
Gu gauzkazu, gu, eta gure lana,
gizon-emakume guztiok
otso barik senide izan gaitezen.

Emoiguzu, Jauna,
Ebanjelioaren lekuko
izateko dohaina.

Otoitz gehiago ikusteko hemen sakatu

2011/01/21

Jacinto Bátizek gizatasunez bete eban Begoñazpi

Begoñazpik Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko zainketa aringarrietarako unitateko buruari eta Migel Zugaza Prado Museoko zuzendariari emon eutsen ‘Gazte Role Model’ saria. Sarituak ikastetxera bueltatzen dira gazteek euren egitekoaren inguruan egingo deutsiezan itaunei erantzuteko. Jacinto Bátizek komunikatu egiten dau, bihotzetik eta bihotzera hitz egiten dau eta nabarmena izan zan hori atzoko saioan, ikasle batzuk, danak neskak, biziki hunkitu ziralako. Hona hemen Begoñazpiko ikasleen itaun batzuk eta Bátizen erantzunen zertzelada batzuk. Zugaza durangarra joango da gaur ikastolara.

Zelan sentitzen zara azkenetan dagozan gaixoekin lan egitean?

Poz-pozik, itzela dalako, zelan edo halan, gaixo bati laguntzen deutsazunean sentitzen dozun gogobetetasuna. Bizitzako azaleko eta sakoneko gauzak bereizten lagundu deuste gaixoek. Hilten dagoan lagun batentzat, geratzen jakon denporeaz topera gozatzea eta gauza garrantzitsuak bereiztea da printzipalena. Batzuetan, ferekak, musuak edo besarkadak berbak baino garrantzitsuagoak dirala ikasi dot. Norbaitek zuon maitasunaren arrastoa gordetea gura badozue, ez erabili ahozko lengoaia.

Ze iritzi dozu eutanasiaz?

Aurka nago, zainketa aringarrietan lan egitean, baliabide asko daukadalako gaixo batek sufritu ez daian. Hain zuzen be, Erakunde Mediku Kolegialak eta Zainketa Aringarrietarako Espainiar Alkarteak oharra kaleratu dogu, okerreko deitura emon deutsoen “heriotza duinaren legea” kongresuan eztabaidatzen dabenean kontuan hartu daien. Nire ustez, gaixoak, mina kentzen bajako eta bakarrik izten ez bada, ez dau eutanasiarik eskatuko. Hori bai, ez sufritzeko beharrezkoa dauan botika dosia emon behar jako. Baina, halanda guztiz be, gaixoak minez jarraitzen badau, lasaigarria emoten deutsagu. Une horreetan gaixoa bakarrik ez sentitzea da garrantzitsuena.

Harritu zara noizbait gaixoren bat zuongana zelan heldu dan ikusita?

Normalean egoera gatxetan etorten dira. Hara zerk kezkatzen gaituan gehien: batzuetan engainatuta etorten dirala, benetan zer daukien jakin barik eta ezinbestekoa da jakinarazotea, agurtzeko astia izan dagien. Askok esaten deutsu: denpora gehiago baneu...

Zer ikasi dozu urteotan azkenetan dagozan gaixoen ondoan?

Bizitzen, egunean eguneko gauzez gozatzen eta aprobetxatzen ikasi dot.

Bilboko Elizabarrutiko bizkeliza.org webgunetik hartuta

2011/01/13

2011ko Mundu Guztiko Gazteen Jardunaldia: Zenbat eta nondik joango dira?


Madrilen, abuztuaren 16tik 21era

Zenbat gazte apuntatu dira, momentuz? 260.810 gazte

2011ko otsailaren 4ko datuen arabera

Nondik joango dira?