2011/01/21

Jacinto Bátizek gizatasunez bete eban Begoñazpi

Begoñazpik Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko zainketa aringarrietarako unitateko buruari eta Migel Zugaza Prado Museoko zuzendariari emon eutsen ‘Gazte Role Model’ saria. Sarituak ikastetxera bueltatzen dira gazteek euren egitekoaren inguruan egingo deutsiezan itaunei erantzuteko. Jacinto Bátizek komunikatu egiten dau, bihotzetik eta bihotzera hitz egiten dau eta nabarmena izan zan hori atzoko saioan, ikasle batzuk, danak neskak, biziki hunkitu ziralako. Hona hemen Begoñazpiko ikasleen itaun batzuk eta Bátizen erantzunen zertzelada batzuk. Zugaza durangarra joango da gaur ikastolara.

Zelan sentitzen zara azkenetan dagozan gaixoekin lan egitean?

Poz-pozik, itzela dalako, zelan edo halan, gaixo bati laguntzen deutsazunean sentitzen dozun gogobetetasuna. Bizitzako azaleko eta sakoneko gauzak bereizten lagundu deuste gaixoek. Hilten dagoan lagun batentzat, geratzen jakon denporeaz topera gozatzea eta gauza garrantzitsuak bereiztea da printzipalena. Batzuetan, ferekak, musuak edo besarkadak berbak baino garrantzitsuagoak dirala ikasi dot. Norbaitek zuon maitasunaren arrastoa gordetea gura badozue, ez erabili ahozko lengoaia.

Ze iritzi dozu eutanasiaz?

Aurka nago, zainketa aringarrietan lan egitean, baliabide asko daukadalako gaixo batek sufritu ez daian. Hain zuzen be, Erakunde Mediku Kolegialak eta Zainketa Aringarrietarako Espainiar Alkarteak oharra kaleratu dogu, okerreko deitura emon deutsoen “heriotza duinaren legea” kongresuan eztabaidatzen dabenean kontuan hartu daien. Nire ustez, gaixoak, mina kentzen bajako eta bakarrik izten ez bada, ez dau eutanasiarik eskatuko. Hori bai, ez sufritzeko beharrezkoa dauan botika dosia emon behar jako. Baina, halanda guztiz be, gaixoak minez jarraitzen badau, lasaigarria emoten deutsagu. Une horreetan gaixoa bakarrik ez sentitzea da garrantzitsuena.

Harritu zara noizbait gaixoren bat zuongana zelan heldu dan ikusita?

Normalean egoera gatxetan etorten dira. Hara zerk kezkatzen gaituan gehien: batzuetan engainatuta etorten dirala, benetan zer daukien jakin barik eta ezinbestekoa da jakinarazotea, agurtzeko astia izan dagien. Askok esaten deutsu: denpora gehiago baneu...

Zer ikasi dozu urteotan azkenetan dagozan gaixoen ondoan?

Bizitzen, egunean eguneko gauzez gozatzen eta aprobetxatzen ikasi dot.

Bilboko Elizabarrutiko bizkeliza.org webgunetik hartuta

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina