2011/11/07

«Lectio divina»

Nola lagundu Espirituari Jainkoaren Hitza bizia dakarkigun hitza izan dadin benetan guretzat? Nola egin Bibliaren irakurketa benetan espirituala?

«“Lectio divina” Jainkoaren Hitz bezala onartutako Bibliako pasarte luze nahiz laburrago bat, bakarka edota elkartean, irakurtzea da. Espirituaren moziopean garatzen da hausnarketa, otoitza eta kontenplazioa eginez».(ERROMAKO BATZORDE BIBLIKOA, a.i., III, C. 2.)


Elizak bere jatorrietatik irakurri izan du Liburu Santua fedezko jarreraz eta otoizlari senaz. Nahikoa da Lukasen Ebanjelioaren inguruan biltzen ziren elkarteei begiratzea hori egiaztatzeko: Bibliako testuak errespetuz hartzen baitzituzten, interpretatu, Jaunaren Pazkoaren argitan elkartean irakurri, arduradunak batzarburu zirela, eta beren bizitzarako irakaspenak bilatzen zituzten testu haietan.

Lectio divina» deritzanaren urratsak

Ibilbide osasungarri honi ekin aurretik, ezinbestekoa da honetaz konturatzea:

Espirituak eragiten duela Liburu Santuetan Jainkoaren Hitza aurkitzea. Saia gaitezen geure barruan antzematen, hortxe baitu bere etxea. Egin diezaiogun otoitz norberaren baitako isiltasunean edota elkarteko otoitzean. Beharbada, beste pentsamendu, nahiera, oroitzapen batzuk etorriko zaizkigu; horiek sakabanatuko gaituzte eta eraso egiten digutela sentituko dugu. «Lectio» delakoari ekin aurretik, egin dezagun kanpoko isiltasuna; horrek barruko isiltasuna egiten lagunduko digu, hau da, kezkatzen gaituenetik psikikoki urrutiratzen eta «Jainkoaren terapian» sartzen lagunduko digu.


1. Behin eta berriro irakurtzea (Jainkoari entzuten)

Lehenengo urratsa, testua behin eta berriro irakurtzea da. Arreta osoz eta errespetu erlijioso gorenaz egin behar da. Irakurketa honek galdera bati erantzun nahi dio: zer esan nahi izan zien Jainkoak, idazle santuaren bitartez, pasarte honen lehenengo hartzaileei? Erantzun egokia emateko, ezinbestekoa da testua bere testuinguruan kokatzea, bere izatasuna identifikatzea, testuak zer dioskun Jainkoaz, geure buruaz, munduaz galdetzea. Irakurketa taldean egiten bada, egoki da monitoreak aurkezpen labur eta soila egitea. Sarrera eta ohar egokiz aberastutako Biblia eduki behar dugu, gutxienez. Testura arrazoizko hurbiltze zehatz hori eginez, testua gaur egungo gure egoerara subjektibotasun handiegiz aplikatzea saihestu nahi da. Bestela, esaten ez duena esanaraziko genioke Bibliari. Testuaren jatorrizko adierak eta gaurko adierak loturik egon behar dute bata bestearekin.


2. Meditazioa (Hitza bihotzean onartzen)
Hurrengo urratsa gogoeta da, meditazioa. Pasartea soseguz hausnartuz egiten da gogoeta, gaur, niretzat, guretzat, duen mezua aurkitu arte. Hauxe da galdera nagusia: zer esan nahi dit Jainkoak niri (guri) gaurko egoeran? Jainkoaren Hitzaren eta nire (gure) bizitzaren arteko alderatzea ezartzen da. Alderatze hau ez da pragmatismo moldaerraz baten fruitua. Jainkoaren Hitza gaur egungoa bada, badu gaur eta hemen zerbait esateko. «Idazteunarekiko elkarrizketarekin batera doa, nahitaez, gaur egungo belaunaldiarekiko elkarrizketa» (Erromako Batzorde Biblikoa, 86. or.).

3. Otoitza (Harekin solasean jarduten)
Hitza horrela irakurri eta hausnartuz gero, berez dator otoitza. «Gogora bezate, halere, Eskritura Santuaren irakurketak otoitza izan behar duela lagun, Jainkoaren eta gizakiaren arteko elkarrizketa gauza dadin; izan ere, otoitz egitean Jainkoari hitz egiten diogu, eta Jainkoaren hitzak irakurtzean Berari entzuten diogu» (Dei Verbum, 25. zk.). Otoitzean, «bihotza» sartzen da bizi-bizi jokoan, Jainkoaren Hitzak ukitutako gizakiaren muina. Otoitz honen harmonikoak era askotakoak dira, otoizlarien egoeraren arabera. Hitzak nire bekatua argitzen badu, nire otoitzean bihozberritzearen eta barkamenaren grazia eskatuko dut. Nire fedea argitzen badu, nire bihotzak hauxe esango du: «Sinetsi nahi dut, Jauna! Lagundu sinesgabe honi!». Hitzaren indar eraldatzaileaz jabetu banaiz, nire otoitzean eskatu egingo dut edota norbaiten alde egingo. Hitzak, Jainkoak niregan egin duena argitu badit, «eskerrik asko» esango dut. Jainkoaren Aurpegiaren distiraren bat bederen erakusten badit, Jainkoa gurtzea aterako zait berez, «miresten duen maitasuna» baita gurtza.

4. Kontenplazioa (Bere misterioaren jaian sartzen)
Otoitzak gure espiritua girotu duenean sortzen da, neurri batean nahiz bestean, begiespena, kontenplazioa. Hausnarketa eta erreguetatik haratago, gure espiritua Jainkoari begira jartzen da eta Jainkoaren begiradaz begiratzen dio bere bizitzari, bere inguruari, munduari. Jainkoarengan hartzen dugu atseden. Sagrarioaren aurrean ordu luzez egon ohi zen Arseko nekazari harengan irudikatua ikusten dugu geure burua. Arseko apaizak zertan ari zen galdetu zionean, hauxe erantzun zion nekazariak: «Nik Berari begiratzen diot, eta Berak niri». Graziaren atmosfera da hau. Dohain berezia da kontenplazioa; baina askok bizi izan du hori uneren batean behinik behin. Ezinbestekoa da dohain hori eskatzea… eta jasotzeko prest egotea.

5. Konpromisoa (Bizitzaren testigantza eskaintzen)
Paradigma honen inguruan, azaldu berri ditugun funtsezko urratsak errespetatzen eta osatzen dituen zenbait aldaketa sortu izan da Elizan. Osagai horietako bat, «operatio», ekintza da, gure bizitzarako hartzen dugun konpromiso praktikoa, alegia. Idatzizko Hitzetik bizitzako Hitzera igarotzea da. «Ezin gara geure otoitzaz asko fidatu, zerbait aldatzeko prest ateratzen ez bagara otoitzetik» (Sta. Teresa).

6. Elkarrizketa
Elkartean eginiko irakurketan sartzen den beste osagai bat parte-hartzaileen elkarrizketa da («collatio»). Bertan, elkarrekin irakurritako Hitzak bakoitzarengan piztu dituen bizipenak eta gogoetak adierazten dizkiote elkarri. Ez du eztabaida handietan bukatu behar. Zuhur eta egokiak dira San Basilioren aholkuak: «Gaiari buruz jakinda hitz egin; eztabaidatzeko asmorik gabe galdetu; harrotasunik gabe erantzun; hitz egiten ari denari ez moztu; ez esku hartu handikeriaz; neurriz jokatu hitz egitean eta entzutean; lotsatu gabe ikasi; norbere interesa bilatu gabe irakatsi; beste batzuengandik ikasitakoa ez ezkutatu».


Iruña eta Tutera, Bilbao, Donostia eta Gasteizko Elizbarrutiak: «Jainkoaren Hitza nork bere egin eta aldarrikatu». Iruña eta Tutera, Bilbao, Donostia eta Gasteizko Gotzainen Pastoral Idazkia (2009ko Garizuma−Pazkoa) Dokumentutik hartuta eta moldatuta

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina