2012/12/11

Begoñazpi Ikastolako abendualdiko meza domekan



 
 

Domekan, abenduak 16, senide eta lagun arteko meza ospatu eta gozatuko dogu. GONBIDATUTA ZAGOZ!

Tokia: Begoñapi Ikastolako kapera
Eguna: abenduaren 16a
Ordua: eguerdiko 12:00ak
 
Jaiotzen txapelketara aurkeztutako lanak ikusi ahal izango dozuez, baita Merkatu txikia be  (eguraldiaren arabera).

Ostean, lunch baten inguruan alkartuko gara.

 

BIDEZKO MERKATARITZA SALTOKIA


Domekan, mezaren ostean, bidezko merkataritzako produktuen saltoki txiki bat jarriko dogu. Astelehen eta martitzenean be, saltokia DBH erainkineko sarreran izango dogu zabalik, goizeko jolas- orduan eta 14:00etatik 15:00etara. Batxilergoko ekonomia-enpresako ikasleek antolatuta, eta KIDENDAREN laguntzaz, proiektu honek gaur egungo kontsumismoaren gehiegikeriez eta lansari duien beharraz kontzientziatzea dau helburu.

Zuon laguntza eta partaidetza eskertzen deutsuegu.

2012/12/08

OLENTZARO ETA MARIJESIAK

Jesus Garitaonandia
Jesus Garitaonandia
             Gabonak ospatzen ditugun hil honek, lekuan lekuko, izen asko hartzen ditu, adibidez, lotazila, ilbeltza, gabonila eta azken baten abendua. Abenduak, barriz, abendu izena abendu-alditik hartzen dau eta abendu-aldiak latinerazko “ad ventus” edo “etor-aro” hitzetik. Izan ere, abendu-aldia Jesusen “etorrera” edo jaiotza prestatzeko aldia da.






Abenduaren 25an ospatzen dogu kristauok Jesusen jaiotza, baina ez Jesus egun horretan jaio zalako (Ebanjelioek ez deuskue data hori emoten), kristauak jentilen aldiko jai bat kristautu ebelako baino.

Ekainaren 25an urteko egunik luzeenak eta abenduaren 25an egunik laburrenak izaten dira. Honexek dira udako eta neguko urteburuak (solstizioak) eta urteburu honetan jaiak ospatzen ziran jentil herrietan. Gure artean, neguko urteburuetan “egubarriaren jaiak” ospatzen ziran eguna luzatzen hazten zalako. Baita erromatarrak ere “eguzki barriaren” izenean jaiak ospatzen zituen. Kristauak “eguzki barriaren” jaia kristautu eben, egun horretan Jesukristoren jaiotza ezarririk, hain zuzen, guri eta munduari argia eta bizia emoten deuskun benetako Eguzkia Jesukristo gure Jauna dalako.



OLENTZARO

Nafarroako Lesaka eta inguruko herri batzuetan, baita Gipuzkoako beste herritxo batzuetan ere, ukatu ezinezkoa da Olentzaroren mitoa oso-osoan sartzen zala neguko urteburuetako jaietan. Hau da, naturaren, pertsonaren eta eguzkiaren berbizkundean. Hori dala-eta, kalerik-kale erabilten dan Olentzaroren irudia, agure zahar, mozkor, tripazai eta arlotearena, urte zaharraren irudia da. Irudi hori erre egingo da “aldi barri” eta bizitza barri baten sartzeko (J.M. Satrustegi).

Neguko urteburuetako mito barregarria ere kristautu egin zan eta kristau izena jarri jakon: Olentzaro. Erdi Arotik datorren ohitura bati jarraituz, abenduaren 17tik 23arte Elizak “antifona nagusiak” abesten deutsoz Jesukristori. Antifonak, barriz, O letrarekin hazten dira: O Oriens (O Eguzki), O Rex (O Errege), O Emmanuel (O Jauna gurekin). Hortik dator gazteleraz esaten dan debozinoa: Nuestra Señora de la O.  Baita Frantzia aldean ere “les O de Noël” edo “les oleries” esaten deutse, hau da, O letrarekin hazten diran antifonen aldia. Euskaraz “Olen-aroa”, “Olentzaroa” (Caro Baroja).



2012/12/07

Bihar ospatuko da Seminarioaren eguna

Bihar, Sortze Garbiaren eguna da eta, abenduaren 8an, urtero lez, gure Elizbarrutiak Seminarioaren eguna ospatuko dau. “Izan fede! Bizia emongo deutsut” goiburupean, Bizkaiko eliza guztietan batzen dan dirua bokazino pastoraltzarako izango da.

Seminario eguna dala-eta, on Mario Izeta gotzainak gutuna idatzi dau, aurtengo jardunaldia Fedearen Urtean ospatzen dala gogoratuz. “Ebanjelizazino barriaren eragilea –dino gotzainak bere idazkian- bat bakarra izan daiteke: Jesukristo. Kristinau bokazino guztiak, azken batean, Jaungoikoaren eta anai-arreben aldeko zerbitzuan islatzen dan maitasun hori bizitzea dira”.

Hiru abade barri

Aurton Elizbarrutiak hiru abade barri daukaz. Joan dan ekainaren 24an, Oscar, Jovaisa eta Ignaciok heziketa ibilbidea amaitu eben eta abade egin ziran. Orain, abade ministerioa gauzatzen dihardue Santurtzin, San Adrian-Miribilla eta  Leioan, hurrenez hurren.