2012/12/07

Bihar ospatuko da Seminarioaren eguna

Bihar, Sortze Garbiaren eguna da eta, abenduaren 8an, urtero lez, gure Elizbarrutiak Seminarioaren eguna ospatuko dau. “Izan fede! Bizia emongo deutsut” goiburupean, Bizkaiko eliza guztietan batzen dan dirua bokazino pastoraltzarako izango da.

Seminario eguna dala-eta, on Mario Izeta gotzainak gutuna idatzi dau, aurtengo jardunaldia Fedearen Urtean ospatzen dala gogoratuz. “Ebanjelizazino barriaren eragilea –dino gotzainak bere idazkian- bat bakarra izan daiteke: Jesukristo. Kristinau bokazino guztiak, azken batean, Jaungoikoaren eta anai-arreben aldeko zerbitzuan islatzen dan maitasun hori bizitzea dira”.

Hiru abade barri

Aurton Elizbarrutiak hiru abade barri daukaz. Joan dan ekainaren 24an, Oscar, Jovaisa eta Ignaciok heziketa ibilbidea amaitu eben eta abade egin ziran. Orain, abade ministerioa gauzatzen dihardue Santurtzin, San Adrian-Miribilla eta  Leioan, hurrenez hurren.


Kronika

Kronika agerkaria kaleratu dabe Seminarioaren egunerako eta hainbat datu eta barri emoten da bertan. Esate baterako, 2012-2013 pastoral ekiturtean, hiru abadegai barri sartu dirala elizbarrutiko Seminarioan: Miguel, Carlos eta Alex. Hirurek euren aurreko egitekoak itzi dabez eta heziketa prozesuari ekin deutse Seminarioan. Miguel espainolezko irakaslea zan Taiwanen, Carlos abogadua eta Alex medikuntza karrerako bigarren kursoan egoan.

Hiru abadegai barri honeei, aurreko kursoetatik seminarioan dagozanak gehitu ezkero, guztira bederatzi gazte ari dira Ordenaren sakramentua hartzeko prestatzen. Heziketa prozesuari jagokonez, abadegai horreek hiru etapatan banatuta dagoz: lehenengoan, 4 abadegai, bigarrenean, beste 4 eta hirugarrenean 1.

Egoitza barria

Kurso honetan, elizbarrutiko Seminarioaren egoitza barria inauguratu da, Zabalbide kaleko 92. zenbakian,  “El Refugio” deitura emoten jakon etxearen zati baten. Egokitze lanak egin ondoren, joan dan urriaren 11n inauguratu zan seminario barria.

Bizkeliza webgunetik hartuta.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina