2013/02/25

‘Oscar’ berezia gazteentzat

Joan dan zapatuz emon jakon hasierea ‘Ikusiz ikasi’ VI. zine asteari, taldeei, familiei, eta, orokorrean, zinea ikusi gura eben guztiei zuzendutako saio irekiagaz, 11:00etatik 13:30etara Bilboko Zubiarte zinemetan. Saioetan ez zan aparteko gorabeherarik izan eta 650 lagun batu ziran, “Soul Surfer”, “Mundu hobean” eta “Maktub” pelikulak ikusteko.


 
Gazteen idazkaritzatik jakitera emoten dabenez, saio irekian hainbeste jente eta hain plurala batzeak “jenteak irrikatzen dauan jarduera erakargarria” dala baieztatzen dau. Partaideak, Pastoral Barruti desbardinetako (Meatza ingurua, Santurtzi, Portugalete, Sestao, Barakaldo Erdialdea, Barakaldo Kanpoaldea, Gueñes, Basauri, Galdakao, Zornotza, Arratia, Durango, Oiz-Anboto, Algorta, Mungia eta Bilboko PB gehienak) plataforma desbardinetakoak (gaztetxoen taldeak, sendotzako taldeak, EEB, EKO-ACG eta JOC mobimentuak, ITAKA lako komunidadeak, ikastetxeren bat edo beste) ziran.

‘Ikusiz ikasi” jardueraren helburu nagusia “giza balioak eta balio espiritualak lantzea” da, zinea hezkuntza baliabide lez hartuz. Hori lortzeko, pelikula ikusteaz gainera, gazteek, azaltzen dau Maria León antolaketaz arduratu dan taldeko kideetako batek, pelikulan nabarmentzen diran gaietan sakondu daikie “erlijinoko irakasle batzuek prestatu dabezan eta urteeran banatu diran gida didaktikoen bidez”.

Landu gura dabezan guztiek Gazteen Elizbarrutiko Idazkaritzan eskuratu daikiez gida didaktiko honeek. Beste alde batetik, “Mundu hobean” eta “Maktub” pelikulak ikusi ebezan gazteek forum labur baten parte hartzeko aukerea izan eben azkenean. Holan, antolatzaileek dinoen lez, hurrenez hurren Julio Cuadral eta Emilio Mañasek lagunduta, “argibideren bat jaso ahal izan eben aurkeztutako gaietan sakontzen jarraitzeko”.

‘Ikusiz ikasi’ zine asteak gaurtik aurrera jarraituko dau barikura arte ikasleentzako saioekin, Zubiarte zinemetan. Zornotza Aretoan eta Gernikako Kultur Etxean be izango dira emonaldiak.

Lipdub harmonikoa

Saio irekiaren ostean, gaztetxoen topaketa ospatu zan. Neska-mutikoek pelikulen gai nagusiak jorratzen jarraitu eben, lipdub dibertigarria prestatuz. Oraingo honetan, gaztetxoak eurak izan ziran filmazioaren protagonista nagusiak.

“Talde desbardinetao 50 gaztetxo inguruk, adiskidetasun-lokarriak estutu ebezan, arratsalde atsegina igaroz”, dinoe azkenean topaketaren antolatzaileek.

Bizkeliza webgunetik hartuta.

2013/02/22

Bihar ospatuko da gaztetxoen elizbarrutiko topaketa

IKUSIZ IKASI’ VI. ZINE ASTEA bihar, otsailak 23 hasiko da saio irekiekin eta datorren astean, otsailaren 25etik martxoaren 1era, izango dau jarraipena eskoletako ikasleentzako saioekin. Ekitaldi honetan, bihar, saio irekien egunean, gaztetxoen elizbarrutiko topaketa ospatuko da. Jarduera biei buruzko informazinoa jasoteko eta batean zein besteak izena emoteko: www.bizkeliza.org/ikusiz-ikasi


‘Ikusiz ikasi’ zine asteak, Gazteen Elizbarrutiko Idazkaritzak eta Hezkuntzarako Elizbarrutiko Ordezkaritzak antolatutako ekimenak, seigarren ekitaldia dau aurtengoa. 2013. urte honetan, Fedearen Urteagaz bat, gai honen inguruan izango da: “UNA FE DE CINE – IKUSI, IKASI, SINETSI”, eta ondorengo pelikulok ikusi ahal izango dira: “Zigortzaileak”, “Soul surfer”, “Mundu hobean” eta “Maktub”. Euskera eta gaztelania konbinatuz emongo dira. Alde batetik, ikastetxeetako lehen hezkuntzako bosgarren mailatik batxilergora arteko ikasleentzako saioak izango dira eta, bestetik, saio irekiak, gazteentzat, hezitzaileentzat, familientzat eta, orokorrean, ikusi gura dabezan guztientzat.
Beraz, biharko egunez, zapatuz –otsailak 23-, hasiko da zine astea Bilboko Zubiarte zinemetan goizeko hamaiketatik aurrera, hiru pelikularen emonaldiagaz. Horreetako batzuen ostean, forum laburra egongo da, giltza pedagogiko eta pastoraletan sakondu ahal izateko. Ikastetxeetako ikasleentzako saioan datorren astean ospatuko dira, goizez, otsailaren 25etik 27ra Bilboko Zubiarte zinemetan, otsailaren 28an, Zornotzan eta, barritasun lez, martxoaren 1ean, Gernikan.

Sarrerek hiru euro balio dabez persona bakotxeko. Ikastetxeetako ikasleek aurretik emon behar dabe izena web orrialdearen bitartez. Aurtengo barritasun lez, saio irekietarako be erosi daiteke sarrera aldez aurretik, web orrialdean jasoten diran baldintzetan. Dana dala, saio irekiaren egunean bertan be erosi daiteke sarrera, pelikula hasi aurretik, leihatilan.

Pelikula bakotxaren ildo nagusietan sakontzen laguntzeko, pelikula ikusi aurretik egiteko dinamika batzuk prestatu dira eta web orrialdean dagoz eskuragarri. Eta, gainera, emonaldi bakotxaren ostean, gida didaktikoak banatuko jakez neska-mutikoei eta gelako lana suspertzeko gidak irakasleei.
Programazinoari, pelikulen emonaldien ordutegiei, izena emoteko jarraibideei eta, batez be, pelikula bakotxaren gai eta biderapenari buruzko informazino guztia www.bizkeliza.org/ikusiz-ikasi aurkitu daiteke zehaztasun handiz.

Gaztetxoen Elizbarrutiko topaketa

Kurso honetan, antolatzaileen beste urrats bat emon gura izan dabe, hirugarren barritasun bat sartuz: biharko –zapatua, otsailak 23- saio irekiaren ostean GAZTETXOEN ELIZBARRUTIKO TOPAKETA – “GEURE LIPDUBA EGINEZ” dalakoa ospatuko da. Bertan, hamabost eta hamazortzi urte bitarteko neska-mutikoek euren sormena jarriko dabe jokoan eta protagonista sentituko dira.

bizkeliza.org webgunetik hartuta

2013/02/12

Karnabalak eta Garizumea


Zanpantzarrak Portugaleten
Hautserre eguna da Garizuma aldiaren hasierako eguna. Eta garizuma aurreko domekan, hain zuzen,  Bizkaiko herri askotan, eta lagunarte giroan, "basokoipetsuak", "sasikoipetsuak", "basatosteak", "kanpora-martxoak" edo "txitxiburduntziak" ospatuko ziran.

Egunotan, inauteri, haratuste edo karnabal egunetan gagoz bete-betean. Zuberoako "maskaradak", Lapurdi ta Benaparroako "kabalkadak", Naparroako Ituren eta Zubietako "zanpantzarrak" martxan doaz. Arabako Zalduendon “Markitosen” pasialdia eta bere azken-epaia ospatuko ditue. Mundakako "Atorrak-musika taldea” osotzen dabenak hor dabiltz kantu-kantari. Markinako zaragi-dantzakoak, "Hartza" lagun dabela, euren kalejirak egiten dihardue. Baita beste karnabal talde guztiak ere egun hauetan urtengo dabe kalera euren jaiak ospatzera.

2013/02/08

Gotzainaren gogoeta krisiari buruz

Bilboko gotzainak zabaldutako mezuan eskari bat egiten dau: “barriro pentsatu eta hausnartu beharko geunkez gure ekonomiaren euskarri diran printzipioak”, bere ustez, “guztion ongizatearen, gizon eta emakume guztien duintasunaren, zuzentasunaren eta gizartearen sustapenerako balio daben” egiaztatu beharra dagoalako.

Izeta gotzainaren ustez, langabetuen kopuruak maila “jasanezinetan” dagoz eta honako hau “gaur egungo egoeraren ondoriorik dramatikoena” dala adierazoten dau.

Gotzainak egiten dauan hausnarketan, behin baino gehiagotan aitatzen dau lan duina suspertzeko beharrizana, “lana edozein preziotara sortzea” desegokitzat joteaz batera. Ikuspuntu honen aurrean, on Mario Izeta gotzainak Elizearen Doktrina Soziala darabil bere hausnarketaren oinarri lez, bertan hauxe esaten dalarik: “Enpresak alkarte solidarioa izan behar dau, interes korporatiboetan itxita geratu barik, lanaren ekologia sozialerantz jo behar dau eta guztion ongizatean, baita inguru naturalaren zaintzan be, lagundu egin behar dau”