2013/02/08

Gotzainaren gogoeta krisiari buruz

Bilboko gotzainak zabaldutako mezuan eskari bat egiten dau: “barriro pentsatu eta hausnartu beharko geunkez gure ekonomiaren euskarri diran printzipioak”, bere ustez, “guztion ongizatearen, gizon eta emakume guztien duintasunaren, zuzentasunaren eta gizartearen sustapenerako balio daben” egiaztatu beharra dagoalako.

Izeta gotzainaren ustez, langabetuen kopuruak maila “jasanezinetan” dagoz eta honako hau “gaur egungo egoeraren ondoriorik dramatikoena” dala adierazoten dau.

Gotzainak egiten dauan hausnarketan, behin baino gehiagotan aitatzen dau lan duina suspertzeko beharrizana, “lana edozein preziotara sortzea” desegokitzat joteaz batera. Ikuspuntu honen aurrean, on Mario Izeta gotzainak Elizearen Doktrina Soziala darabil bere hausnarketaren oinarri lez, bertan hauxe esaten dalarik: “Enpresak alkarte solidarioa izan behar dau, interes korporatiboetan itxita geratu barik, lanaren ekologia sozialerantz jo behar dau eta guztion ongizatean, baita inguru naturalaren zaintzan be, lagundu egin behar dau”


Proposamen zehatzak

Bilboko Gotzainak bide “zuzenak” bilatzea proposatzen dau, lana galdu daben eta “estututa eta larrituta, pobretasun gogorrera hurreratzen ari diran familiek euren etxea galdu ez daien”. Honen haritik aurrerago dinoanez, neurri zorrotzak “beharrezkoak badira”, justifikatuta egongo dira eta “ez dabe bidebakokeriarik edo babesbakotasunik sortuko kaltetuenengan”.

On Mario Izetak, esaten dauanez, “hain beharrezkoak ez diranak, guztion ongizatearen ardatzetan eraginik izan barik murriztu edo alde batera itzi daitekezanak doitu beharko litzatekez” eta “neurri horreek ezartzeaz batera, ekonomia bizkortzeko, lana sortzeko eta suspertzeko neurriak” hartzea komeniko litzateke.

Gotzainak “Noticias Obreras” aldizkarirako egindako hausnarketa zabalean, “babes sozial zuzena”, “zerga-iruzurra jazartea” eta “baliabide publikoen kudeaketa zintzo eta gardena” eskatzen ditu, besteak beste.

Kezka batzuk

On Mario Izeta gotzainak “kezka mingarria” adierazoten dau desjaubetzea jasateko arriskuan dagozan familien inguruan. Horrezaz gainera, “etorkinei geure anai-arrebatzat hartuz” begiratzeko dinosku, “benetan, horixe dira-eta”. Oinarrizko zerbitzuetatik kanpo ez izteko be esaten dau, izan be, “eurak dira, hain zuzen be, lanik eza eta txirotzea gogortasun betean jasaten dabenak”.

Jaiegunetako atsedenaldia eskubidea dala gogoratzen dau gotzainak eta, beraz, “domekaz jarduera ekonomikoa izatea justifikatuko leukien arrazoiek oinarri sendoak euki behar dabez”.

Hausnarketa honen azken zatian gotzainak gogoratzen deuskunez, gure geroa estu lotuta badago be europar alkarteari, askok itauntzen dau ze oinarriren gainean eraikitzen ari dan Europa: “Sustrai bereraren eta oinarri bardinen, azken batean, ez daigun ahaztu, kristinau humanismoan inspiratutako printzipioen arabera euren lokarriak estutu gura dabezan herrien alkarteen Europa?”.

Azkenean, hauxe eskatzen deutse gotzainak fededunei: “Itxaropena erein daigula, besteen onerako geure burua emotea merezi dauan geroaren egile izan gaitezala”.

Bizkelizatik hartuta

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina