2013/02/12

Karnabalak eta Garizumea


Zanpantzarrak Portugaleten
Hautserre eguna da Garizuma aldiaren hasierako eguna. Eta garizuma aurreko domekan, hain zuzen,  Bizkaiko herri askotan, eta lagunarte giroan, "basokoipetsuak", "sasikoipetsuak", "basatosteak", "kanpora-martxoak" edo "txitxiburduntziak" ospatuko ziran.

Egunotan, inauteri, haratuste edo karnabal egunetan gagoz bete-betean. Zuberoako "maskaradak", Lapurdi ta Benaparroako "kabalkadak", Naparroako Ituren eta Zubietako "zanpantzarrak" martxan doaz. Arabako Zalduendon “Markitosen” pasialdia eta bere azken-epaia ospatuko ditue. Mundakako "Atorrak-musika taldea” osotzen dabenak hor dabiltz kantu-kantari. Markinako zaragi-dantzakoak, "Hartza" lagun dabela, euren kalejirak egiten dihardue. Baita beste karnabal talde guztiak ere egun hauetan urtengo dabe kalera euren jaiak ospatzera.

Jai honeek, hasiera baten, antigualeko "negu-jaietan" sartuta egozan zihur asko. Baina jai honeen zentzu zakona ulertzeko baserri ta nekazaritza giroan egokitu beharko gara. Izan ere, sasoi honetan, uzta-batzea eginda dago, abereak kortaratu dira, eta haziak ereinda dagoz. Negua da. Esan daiteke izadi guztia hilda lez dagola.

Hori dala-ta, gure antxinako asabak, jai honeetan erabilten 00zituen erritu majikoen bidez, honako honeek nahi zituen lortu: espiritu gaiztoak, parte txarrekoak eta basa-piztiak uxatzea, eta izadiari zor jakon gurtza emotea, laster agertuko zan udabarriak oparotasuna, ugaltasuna ta bizitza ekarri egizan. Ondo gogoan izatekoa da prozesu honetan ikusten dan jokoa: negua-udabarria, hazia ereitea-hazia ernetea, heriotza-bizitza. Erlijio guztietan ikusten dan sinbolismoa dala.

Beste alde batetik, holako negualdiko jai batzuetan, gizonkil (muñeko) haundi batzuk erabilten ditue, adibidez, Naparroako Lantzen "Miel Otxin", Zalduendon "Markitos", Lapurdin "Zanpantzar", beste leku batzuetan "Xiganteak", "Galtzuzko gizona" etabar, eta jaien amaieran herriko plazan erreten dira, urte guztiko pekatuak eurei leporatu eta gero.  Izan ere, gizon-emakume guztiok, geure kontzientziak ustu eta garbitzeko beharrizana sentitzen dogu. Eta suak ere garbitu egiten dau. Sua erlijio guztietako sinbolo bat da.

Kristautasuna heldu zanean, Eleizeak kristautu egin zituan holako jai paganoak aldi honetan Garizumea ezarriaz. Garizumea, Pazkoa edo Jesusen biztuerea prestatzeko aldia da.Eta garizumeak, hain zuzen, lehen neguko jaiei buruz aipatu doguzan sinbolo ta adierazgarriak daroaz: adibidez, negua-udabarria, heriotza-bizitza, pekatua lurperatu-bizitza barri bat biziteko, heriotza-berbizkundea, bariku santu-pazko eguna. Guzti hau, jakina, Jesukristogaz lotuta: Jesus geugaitik gizon egin zan, gure pekatuak leporatuz kurutze baten hil zan eta hirugarren egunean berbiztu, zeruko ateak geuri zabaltzeko. Gogoratu daiguzan lehen aipatu doguzan gizonkilak,zelan leporatzen deutsezan herriko pekatu guztiak, azken baten sutan erreteko.

Halan ere, karnabal-karnabalak edo aratusteak, Erdi Aroan sortu ziran. Eta hasiera baten jai kristauak izan ziran. Hau da, holgantza ta alaitasunezko jai batzuk, gainean etorren garizuma luzerako indarrak hartzeko. Izan ere, garizumea, otoitz, penitentzi, haragi-izte ta konbertsino aldia da. Eta hemendixek, hain zuzen, jatorke etorri ere izena jai honeei, haragi iztetik, haratusteak edo haragi-izte egunak, "carnestolendas", karnabalak.

Garizumea eta Pazkoa ez dira urtero data bardinetan ospatzen.Zergaitik? Jesukristoren egunetan lez, gaur ere Pazkoa udabarriko lehenengo ilargi beteaz ospatzen dalako.

Aurten, otsailaren 13an, hautserre eguna ospatuko dogu, hautsaren eguna, garizumearen hasierea. Eta gure Elizak hauts bedeinkatua gure buruetan ezarriaz, honako berbak esango deuskuz:”Bihurtu zaitez eta sinistu Barri Ona” edo “Gogoratu hauts zareana eta hauts bihurtuko zareana”. Garizumearen hasieran gogoratzen jaku, ba, gu gizon-emakumeok, geurez ezerezak gareala eta ezer baldin bagara, Jaunari esker gareala.

Pazkoa edo Jesukristoren Berbizkundea da kristau fedearen oinarria, kristinauontzako jairik handiena. Garizumea, barriz, Jesusen Berbizkundea prestatzeko aldi berezia.Izan ere, garizumea geure fedeaz jabetzeko eta gure kristau bizitzak aztertzeko berebiziko aldia dogu. Jaungoikoaren Hitza entzun eta egintza onak egiteko sasoi egokia. Garizumea, bihotz barritze eta aldaketa aldia da. Gure pekatuzko bizitzak aldatu eta Jaunagana bihurtzeko aldi egoki-egokia.

Garizuma honetan Jaunagana bihurtzeko bideak, barriz, Jesusek berak izendatzen deuskuz Ebanjelioan: Otoitza, baraua eta limosnea.

-       Lehenengo otoitza, hau da, Jaungoikoagaz bat egin eta bere maitasunaren eta urbiltasunaren esperientzia izan. Eta hori otoitzaren bidez lortu behar dogu.

-       Bigarrena, baraua eta haragi iztea. Hau da, gure gorputzak hezi gitxiago janez eta haragia izteaz. Baina guk jaten ez doguna izan daitela jatekorik ez daukenen probetxurako. Hemendik sortzen da…

-       Hirugarrena: limosnea. Hau da, geure dirua ezer ez daukenekin partekatzea edo alkarbanatzea.

Datorren Garizuma honetan, ba, zabal-zabal jarri daiguzan gure bihotzak Jaungoikoaren Berbea argi eta garbi onartzeko moduan.

Garizuma hau izan dakigula bide egokia Jaunagana bihurtzeko eta Pazkoetan Jesukristogaz batera bizitza barri batera biztuteko.


           Garitaonandia eta Sardui´tar Jesús

             Begoñako Santutegiko Erretora

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina