2013/03/30

Jesusen biztuera, gure fedearen ardatza


Udabarriko lehenengo hilargi betea

Judeguek egiten eben lez, geuk ere Pazkoa udabarriko lehenengo hilargi beteagaz batera ospatzen dogu. Horregaitik Aste Santuko egunak aldatu egiten dira urte batetik bestera. Aste Santua, barriz, kristauontzat urteko “Aste Nagusia” dogu, aste honetan ospatzen doguzalako gure kristau fedeko misteriorik garrantzitsuenak: Jesusen Nekaldi, Heriotz eta Berbizkundea.

“Jesusek argi eta garbi esan eutsen bere ikasleei: Berak Jerusalenera joan behar ebala eta han Legebatzarreko, abadeburu eta idazlarien aldetik neke asko eroan beharko zituala,  baita heriotza ere, eta hirugarren egunean biztu egingo zala” (Mt. 16, 21). Holan ba, Jesusen historia ez zan amaitu bariku santuan, kurutzeko heriotzean. Jainkoak biztu egin eban Jesus hilen artetik. Horregaitik, alaitasunez beterik abesten dogu Pazko aldian: Biztu da Kristo, aleluia! Guregan dago, aleluia!.

 

Jesusen biztuera hori zelan ulertu

Baina biztuera hori zelan izan zan ulertu beharko dogu. Edozelan ere, Jesusen biztuera ez zan izan Jesusen gorpua mundu honetan bizi zala eduki eban bizitzara barriro itzultzea. Ez, Jesusen biztuera   benetako berbizkundea izan zan. Jesusen biztuera kreazino barri bat izan zan, Jainko-Aitaren bitartez, jaiotza barri bat, pertsona barri bat eta mundu barri bat.

 

Jesusen biztuerea egiazko gertakizun bat da

Jesusen biztuera hau ezin daiteke egiaztatu gaurko historigileak erabilten dituen dokumentu eta tresnakin. Adibidez, argazkilari batek bere argazki-kamarakin ezin izango eban hartu gertakizun hau. Baina, halan ere, Jesusen biztuera egiazko gertakizun bat izan zan. Jerusalenen gertatu zan eta ezaugarriak oso argiak izan ziran. Adibidez, bere ikasleak, Jesus atxilotu, epaitu eta kurutzean hiltera galdu ebela ikusirik, bildurrez beterik, eskutatuta bizi ziran. Baina,  Jesus berbiztuaren experientziak eraginda, beldur barik Ebanjelioa zabaltzen hasi ziran. Horrez gainera, Pedro eta beste Hamaika apostoluen testigantzeari esker, lehenengo kristau komunitateak sortu ziran Jerusalenen.


2013/03/26

Pazkoko ekitaldiak Elizbarrutiko gazteentzat

Eskuragarri dagoz Gazteen Elizbarrutiko Idazkaritzaren web orrialdean, 2013ko Pazkoa ospatu eta bizitzeko proposamen desbardinak (14 urtetik gorako gazteentzat).

Hainbat proposamen aurkezten ditu Idazkaritzak Pazkoa bizitzeko. Lehenengo eta behin, sarbide aldiko (14-16 urteko neska-mutilentzat) Pazkoa antolatu dabe Oruen (pasiotarren etxea) Eguen Santu goizetik Pazko Egunera arte (martxoak 28-31). Bertan, dinamiken, barneratzerako uneen eta egun horreetako berariazko ospakizunen bidez, hastapenak eskaintzen jakez gazteei Aste Santu eta Pazkoaren inguruko oinarrizko gaietan.

“Auzolan pazkoa” be prestatu dabe 14-16 urteko gazteentzat: lau egunetako konbibentzia, Bakioko etxe baten mantenuan lan egiteko eta adiskidetasunezko giroaz gozatzeko, Jesusen bizitzako azken egunak gogora ekarriz eta bere berbizkundearen poztasuna barriro biziz. Honako hau, martxoaren 27tik 31ra egingo da, hau da, eguazten arratsaldetik domeka goizera arte.

Hirugarrenik, sarbideko Pazko ibiltaria eskaintzen da Meatza inguruan 14 eta 16 urteko neska-mutikoentzat eta inguru horretako taldeek antolatuta eta talde horreetakoak ez diranei be zuzenduta. Goizetan ibili egingo dira eta arratsaldetan dinamikak eta barneratzerako uneak eukiko dabez, neskato-mutikoak egun bakotxean ospatzen dana ezagutu eta bizi daien.

Konpromisorako Pazkoa 16 eta 19 urte bitarteko neska-mutilentzat da eta eguaztenetik –martxoak 27- domekara –martxoak 31- egingo da. Lekua zehaztu barik dago eta partaideen arabera erabagiko da. Goizez boluntario lanetan jardungo dabe bazterketazko errealidaderen batean (jantoki soziala, umeei lagun egin, nagusiei lagun egin…) eta arratsaldez egunez egun bizi daben esperientziaren irakurketa sinisteduna egingo dabe, Aste Santuaren berariazko espiritualtasunetik eta ospakizunetatik.

Honeek dira, Gazteen Elizbarrutiko Idazkaritzaren web orrialdean aurkitu daitekezan proposamenetako batzuk.

bizkeliza.org webgunetik hartuta

2013/03/22

Zergaitik hil eben kurutzean Nazareteko Jesus?


Velazquezen Kistoa
Jesus nazaretarra, Jainkoaren Erreinuaren profeta maitagarria, gurutze baten josita hil zan gure aroko 30.urtean, apirilaren 7´an, ziur asko. Baina zein gaiztakeria egin eban Jesusek holako azken negargarria emoteko? “On egiten eta deabruak hartutako guztiak sendatzen”…Jainkoaren maitasuna eta errukia iragarten…arerioak maitatzeko eskatzen bizi izan zanak, merezi ete-eban holako esker txarrik?

Jesus ez zan inuzentea eta konturatzen zan Berak iragarten eban “Jainkoaren Erreinua” iragartea oso arriskutsua zala herri-agintarien, erlijio-agintarien eta era guztietako boteretsuen aurrean. “Erreinu” honen bidez Jesusek pobreen, behartsuen, baztertuen eta zapalduen zoriona nahi eban eta politika, erlijio eta boteretsu guztiok ez eben nahi euren egoerea aldatzerik.

Jesusek min emoten eutsen Israelgo Herri-agintariei, Erromako agintariei, Jerusalengo tenploko abadeei eta herriko aberatsei eta ezin eben ikusi euren begien aurrean.

Honetan, Jesusek bere adiskide Lazaro bizira erakarri eban eta jende askok Jesusegan sinistu eban. “Baina haretariko batzuk fariseuakana joanda, Jesusek egindako miraria azaldu eutsen. Orduan, Abadeburuak eta fariseuak Batzarra egin eben, eta hauxe inoen: “Zertan dihardugu? Gizon honek mirari asko egiten ditu. Horretan uzten badogu, danak sinistuko dabe beragan; eta erromatar agintariak, eskuharturik, hondatuko deuskuez gure Jerusalengo Tenplo santua eta gure Herria”(Jn. 11, 45-48).

Abadeburu zan Kaifasek, hauxe esan eutsen: “Konturatu zaiteze hobe dala gizon bakar bat herriagaitik hiltea, herri osoa galdu dadin baino”…”Eta egun haretatik Jesus hiltea erabagi eben. Horregaitik, harrezkero, Jesus ez zan judeguen artean agirian ibilten” (Jn. 11, 49-54).

Judas Iskariote, Jesusen 12 lagunen taldekoa zan ezkero, ba-ekian Kaifasek eta bere Batzarrekoek Jesus hiltea erabagi ebena. Bestetik, ikusirik, Jesusen lagun izanda ez eukala mundu honetan etorkizun haundirik, abadeburuakana joan zan eta hauxe esan eutsen: “Zer emon nahi deustazue, eta neuk ipiniko deutsuet eskuetan?. Hareek hogeita hamar zidar-diru eskaini eutsoezan. Eta harrezkero, Jesus harei saltzeko aukera bila ebilen Judas” (Mt. 26, 15-16).

Jetsemani zan aukerarik onena eta egokiena Jesus hareen eskuetan ipinteko, sarritan joaten zalako hara otoitz egitera. Jesusek eguen santuz ospatu eban Pazko afaria bere apostoluekin. Bere despedidako afaria zan. Eukaristia sortu eban, maitasunaren agindua emon eutsen eta bere bihotzeko mina agertzen deutse euretariko batek salduko ebalako. Judasi, barriz, holan esan eutson: “Egitera zoazena hainbat lasterren egizu”. Urten eban Judasek afari-gelatik eta joan zan bere asmoak betetzera. “Gaua zan”, dino ebanjelariak. Eta afaria amaituta Jetsemanira joan zan Jesus bere apostoluekin otitz egitera.

Giottoren Judasen musua
Otoitzean egozala, han non agertzen dan Judas tropel handi batekin eta musu maltzur batekin saltzen dau Jauna. Lotzen dabe eta handik zuzen abadeburua zan Kaifasegana eta bere Batzarraren aurrera daroe. Batzarrean ezin eben aurkitu ganorazko arrazoi bat heriotzako zigorra emoteko. Azken baten Kaifasek berak itandu eutsan: “Esan eiguzu, zu zara Mesias, Jaungoikoaren Seme bedeinkatua? Eta Jesusek erantzun: Bai, neu naz. Hori entzutean, Kaifasek bere jantziak urratu zituan eta esan eutsen batzarkideei: Entzun dozue biraoa. Zer deritxazue? Eta guztiak batera heriotzako zigorra merezi ebala ebatzi eben” (Mr. 14, 61-64).

Baina judeguek, erromatarren menpean bizi ziran ezkero, ez euken eskubiderik inori heriotzako zigorra emoteko. Horregaitik, Jesus hartu eta lotuta, Erromako gobernaria zan Pontzio Pilatorengana eroan eben, Jesus hilteko haren baimena behar ebelako.

Antonio Ciserriren Ecce Homo
Beste alde batetik, ondo ekien judeguek Pilatori ez eutsoela ardura ezertxo ere judeguen erlijioko arazoak. Adibidez, Jesusek bere burua Jainkoaren Seme egiten ebala-ta, hori ez zan bidezko arrazoia Pilatorentzat. Horregaitik, judeguek beste arrazoi batzuk ipini eutsoezan Pilatori:

-          Honek herri osoa naztatzen dihardu.

-          Honek dino ez jakola ordaindu behar zergarik Erromako Zesarri.

-          Honek dino berau dala judeguen erregea.

Salaketa guztiok guzurrezkoak ziran. Baina, Pilato Kaifasen adiskidea zan

ezkero, berari eta bere batzarrekoei kontraesanik ez egitearren, eta eurekin txarto ez geratzearren, Pilatok Jesus heriotzara eroateko baimena emon eutsen judeguei.

Miguel Angelen La pietat
            Honexek dira, gutxi gora-behera, Jesusen heriotza dala-ta, Ebanjelioetatik atara geinkezan giza mailako arrazoiak. Baina Jesusen heriotzaren helburua, erlejino edo politika arrazoi batzuk baino hurrunago doa:

a)      Jesus, Liburu Santuak inoenez hil zan. Hau da, Jesusen heriotza Jaungoikoaren salbamen asmoetan egoan.

b)     Jesus, geugaitik eta geure alde hil zan. Bere heriotza, salbagarri bihurtu zan guretzat. Gure pekatuetatik salbau ginduzan.

c)      Jesusen heriotzak, Jaungoikoaren gizonaganako maitasun neurribakoa agertzen deusku: “Hain maite izan dau Jaungoikoak mundua…bere Seme bakarra bialdu eban gure pekatuen ordain-opari”.

 

 

Garitaonandia eta Sardui´tar Jesus

  Begoñako Santutegiko Erretorea

  

2013/03/14

Frantzisko Aita Santua


Aita Santu barri bat dogu!!  Eta pozteko arrazoi asko dagoz: pertsona apala, azkenengoen hurbila, hegoamerikarra, jesuita …  Aita Santu barri honek Frantzisko izena hartu dau. Eta aukeraketa hau oso esanguratsua da kristauentzat. Guztioi bi Frantzisko datozkigu burura. Bidean.net webgunean euren bizitzak topatu daikeguz :

Asisko San Frantzisko:

Italiako Asisen jaio zan 1182. urtean; eta 1226. urteko urriaren 3an hil zan. Bere eguna urriaren 4an ospatzen da. Frantziskotarren sortzailea izan zan; eta geroago Klaratar monjena ere bai.


Asisko San Frantzisko
Merkatari aberats baten seme izatetik pobretasun gorrian bizitzera jo eban bakardadeko bizitzan, bere buru eta bihotz Ebanjelioari lotuz. Gaztetan munduko sasi-artean katigu bizi izan zan, alperkerian eta nasaikerian. Halan ere, diru kontuan bihotz eta eskuzabal agertu zan beti, bai txarrerako eta bai onerako.

24 urteko zala, giro horretatik aldenduten hasi zan, burumakur eta pentsakor. “Zer, ezkontzeko arduraz kezkatuta ala?”, itandu eutson mutil bati, halako erantzuna emon eutson: “Bai, horixe bera: ezkontzekotan nabil, eta eskeini naiakon emaztea hain da ederra, hain ona, hain aberatsa, zuk holangorik ez dozu sekula ezagutu”. Goi argiz ezagutu eban Eleizea zan emaztegai hori.

Aitak inun diranak egin ebazan, semeari burutik amets horreek kentzeko; abade eta gotzain arazo horretan sartzeraino. Baina alperrik, Frantzisko berean gero eta sendoago. Jantzi eta apainkeri guztiak gotzainaren eskuetan itzita, bakardadera jo eban. Ermitatxo zahar baten aurkitu eban gordeleku bat, Kurutze ederra erdian ebala. Bere aurrean otoitzean egoala, Kurutzeko Jaunak dei egin eutson: “Frantzisko, zoaz eta erabarritu egizu nire Eleizea, dana bertan behera hondatua dago-ta”. Baina ez zan San Damian ermitatxoa bakarrik; Eleiz bizitza osoa egoan lurjota; hori zan Jaunak bere gain ipinten eban arlo ederra baizen astuna.

Frantzisko gazteak hartu eban bidea, bai zuzena eta garbia, baina latza. Uste baino lehenago batu jakozan hainbat gazte, bizibide barrian lagun izan gurarik.  Baina Frantzisko eukan garra behar barruan; laster sortu jakozan eten-urratuak lagunartean. Frantziskok aurrera egin eban, hasibarri zan lagunartea zuzentzeko Erromara jo eban laguntza eske. Espirituak eraginda, Jesus beraren irudi bizi bihurtu zan Frantzisko: Jaun Kurutzeratuaren zauriak ezarri jakozan gorputzean, otoitzean su ta gar egoanbaten. Izan ere, hori zan bere ardura nagusia.

Geldiezina bihurtu zan: Erromara, Aprikara, Jerusalenera, Konpostelara etabar bideak jorratu ebazan. Gaixoak, legenardunak, baztartuak ziran bere lagunak, euren artean harrigarriak eginez. Aingeruzko kontenplalari bihurtu zan, zeru-lur-itsasoetako gauza guztiak anai-arrebatzat hartuz. Eta bakezale eta bakegile aparta izan zan. Gaur ere gure artean sarri erabilten dogu harako bere “Bake-otoitza”.

Jauna, egin gaizuz zure bakearen zerbitzari.
Gorrotoa nagusi dan lekuan,
guk maitasuna jarri daigula,
iraina nagusi dan lekuan, barkamena jarri daigula,
haserrea nagusi dan lekuan, batasuna jarri daigula,
gezurra nagusi dan lekuan, egia jarri daigula,
zalantza nagusi dan lekuan,
sinismena jarri daigula,
etsipena nagusi dan lekuan,
itxaropena jarri daigula,

ilunpean nagusi dan lekuan, argia jarri daigula,
tristura nagusi dan lekuan poztasuna jarri daigula.
 

Gure jokabide izan dadila, Jauna,
ez gu poztuak izatea, guk poztu daigula baino,
ez gu onartuak izatea, onartu daigula baino,
ez gu maitatuak izatea, maite daigula baino.

Izan ere, Zuk erakutsi deuskuzu, emotea dala, hartzaile izateko bide;
norberaz ahaztea dala, nork bere burua aurkitzeko bide;
eta hiltzea dala guretzat, betiko bizitzara berbizteko bide.
 
44 urteko zala hil zan, baina mundua Jesusen usain gozoz bete ondoren. Gizaldietan zehar bizirik dirau San Fantziskoren aztarrenak.

 Xabiereko San Frantzisko:

XABIERKO FRANTZISKO, Xabierko gazteluan jaio zan 1506. urtean; Jassutar Joan eta Azpilikuetatar Maria izan ebazan guraso, Naparroako jatorri ospetsuaren babesean. Urte berean hil zan Colon, mundu barria aurkitu eta Ebanjelioarentzat ere bide barriak zabaldu ondoren. Urte batzuk geroago, Xabier santuak zabalduko ebazan sortalderako Ebanjelioaren bideak, India eta Japon lurraldeetara.

Bere aita Naparroako erregearen kontseilari izan zan, eta Kastilarrak Naparroa menderatu ebenean hil zan. Bere anaiak su ta gar zaindu eben lurralde hau, Iruina eskuratzea lortu eben (Loiolako Inazio Kastilatarren buruzagi zala).

Parisera joan zan gazterik ikasketak egitera, gogo beroz eta burua argiz filosofiako maisu distiratsua izatera helduz.

Xabiereko San Frantzisko
Hemen jatorko JAUNAREN DEIA, Loiolako Inazio bitarteko zala. 1525. urtean egin ebazan erlijioso botoak, Inaziogaz batera.


Hasieratik bere misiolari garra eutsi ezinik, Indietara jo eban eta 1542. urtean heldu zan Goara. Halako sailak aurrean ikusita, Xabier geldiezina zan: bertako hainbat hizkuntzetara jarri ebazan kristau sinismeneko egiak eta otoitzak. Harritzekoak egin ebazan misiolari lanetan: ezin-zenbatu ahala bateatuak, astunak eta arriskutsuak bere gain Eleizeak jarritako arazoak (Aita Santuak bere ordezkari izendatu eban Sortalde osorako).

Eta 1552. utean, abenduaren 3an hil zan Xabier, 46 urteko zala. Bere heriotzako ataltxo bi azpimarratuko doguz: hilten egoala ahopean otoitzean ziharduala, inok ulertzen ez eban hizkuntzan entzun eutsoen; askoren ustez Euskeraz; zeozegaitik da Euskeraren zaindari; eta bigarrena, Xabier hilten egoala, Xabierko gazteluko Santokristoak odol tantak ixuri ebazala.

Xabiereko San Frantzsikoren Misiolari Bidaiak
Pio X. garrenak Sinismen Zabalkundearen zaindari izendatu eban. Berau dogu, gainera, Jesus Umearen Teresatxo doneagaz batera, Misino eta Misiolari guztien zerutar eredu eta zaindari.