2013/03/14

Frantzisko Aita Santua


Aita Santu barri bat dogu!!  Eta pozteko arrazoi asko dagoz: pertsona apala, azkenengoen hurbila, hegoamerikarra, jesuita …  Aita Santu barri honek Frantzisko izena hartu dau. Eta aukeraketa hau oso esanguratsua da kristauentzat. Guztioi bi Frantzisko datozkigu burura. Bidean.net webgunean euren bizitzak topatu daikeguz :

Asisko San Frantzisko:

Italiako Asisen jaio zan 1182. urtean; eta 1226. urteko urriaren 3an hil zan. Bere eguna urriaren 4an ospatzen da. Frantziskotarren sortzailea izan zan; eta geroago Klaratar monjena ere bai.


Asisko San Frantzisko
Merkatari aberats baten seme izatetik pobretasun gorrian bizitzera jo eban bakardadeko bizitzan, bere buru eta bihotz Ebanjelioari lotuz. Gaztetan munduko sasi-artean katigu bizi izan zan, alperkerian eta nasaikerian. Halan ere, diru kontuan bihotz eta eskuzabal agertu zan beti, bai txarrerako eta bai onerako.

24 urteko zala, giro horretatik aldenduten hasi zan, burumakur eta pentsakor. “Zer, ezkontzeko arduraz kezkatuta ala?”, itandu eutson mutil bati, halako erantzuna emon eutson: “Bai, horixe bera: ezkontzekotan nabil, eta eskeini naiakon emaztea hain da ederra, hain ona, hain aberatsa, zuk holangorik ez dozu sekula ezagutu”. Goi argiz ezagutu eban Eleizea zan emaztegai hori.

Aitak inun diranak egin ebazan, semeari burutik amets horreek kentzeko; abade eta gotzain arazo horretan sartzeraino. Baina alperrik, Frantzisko berean gero eta sendoago. Jantzi eta apainkeri guztiak gotzainaren eskuetan itzita, bakardadera jo eban. Ermitatxo zahar baten aurkitu eban gordeleku bat, Kurutze ederra erdian ebala. Bere aurrean otoitzean egoala, Kurutzeko Jaunak dei egin eutson: “Frantzisko, zoaz eta erabarritu egizu nire Eleizea, dana bertan behera hondatua dago-ta”. Baina ez zan San Damian ermitatxoa bakarrik; Eleiz bizitza osoa egoan lurjota; hori zan Jaunak bere gain ipinten eban arlo ederra baizen astuna.

Frantzisko gazteak hartu eban bidea, bai zuzena eta garbia, baina latza. Uste baino lehenago batu jakozan hainbat gazte, bizibide barrian lagun izan gurarik.  Baina Frantzisko eukan garra behar barruan; laster sortu jakozan eten-urratuak lagunartean. Frantziskok aurrera egin eban, hasibarri zan lagunartea zuzentzeko Erromara jo eban laguntza eske. Espirituak eraginda, Jesus beraren irudi bizi bihurtu zan Frantzisko: Jaun Kurutzeratuaren zauriak ezarri jakozan gorputzean, otoitzean su ta gar egoanbaten. Izan ere, hori zan bere ardura nagusia.

Geldiezina bihurtu zan: Erromara, Aprikara, Jerusalenera, Konpostelara etabar bideak jorratu ebazan. Gaixoak, legenardunak, baztartuak ziran bere lagunak, euren artean harrigarriak eginez. Aingeruzko kontenplalari bihurtu zan, zeru-lur-itsasoetako gauza guztiak anai-arrebatzat hartuz. Eta bakezale eta bakegile aparta izan zan. Gaur ere gure artean sarri erabilten dogu harako bere “Bake-otoitza”.

Jauna, egin gaizuz zure bakearen zerbitzari.
Gorrotoa nagusi dan lekuan,
guk maitasuna jarri daigula,
iraina nagusi dan lekuan, barkamena jarri daigula,
haserrea nagusi dan lekuan, batasuna jarri daigula,
gezurra nagusi dan lekuan, egia jarri daigula,
zalantza nagusi dan lekuan,
sinismena jarri daigula,
etsipena nagusi dan lekuan,
itxaropena jarri daigula,

ilunpean nagusi dan lekuan, argia jarri daigula,
tristura nagusi dan lekuan poztasuna jarri daigula.
 

Gure jokabide izan dadila, Jauna,
ez gu poztuak izatea, guk poztu daigula baino,
ez gu onartuak izatea, onartu daigula baino,
ez gu maitatuak izatea, maite daigula baino.

Izan ere, Zuk erakutsi deuskuzu, emotea dala, hartzaile izateko bide;
norberaz ahaztea dala, nork bere burua aurkitzeko bide;
eta hiltzea dala guretzat, betiko bizitzara berbizteko bide.
 
44 urteko zala hil zan, baina mundua Jesusen usain gozoz bete ondoren. Gizaldietan zehar bizirik dirau San Fantziskoren aztarrenak.

 Xabiereko San Frantzisko:

XABIERKO FRANTZISKO, Xabierko gazteluan jaio zan 1506. urtean; Jassutar Joan eta Azpilikuetatar Maria izan ebazan guraso, Naparroako jatorri ospetsuaren babesean. Urte berean hil zan Colon, mundu barria aurkitu eta Ebanjelioarentzat ere bide barriak zabaldu ondoren. Urte batzuk geroago, Xabier santuak zabalduko ebazan sortalderako Ebanjelioaren bideak, India eta Japon lurraldeetara.

Bere aita Naparroako erregearen kontseilari izan zan, eta Kastilarrak Naparroa menderatu ebenean hil zan. Bere anaiak su ta gar zaindu eben lurralde hau, Iruina eskuratzea lortu eben (Loiolako Inazio Kastilatarren buruzagi zala).

Parisera joan zan gazterik ikasketak egitera, gogo beroz eta burua argiz filosofiako maisu distiratsua izatera helduz.

Xabiereko San Frantzisko
Hemen jatorko JAUNAREN DEIA, Loiolako Inazio bitarteko zala. 1525. urtean egin ebazan erlijioso botoak, Inaziogaz batera.


Hasieratik bere misiolari garra eutsi ezinik, Indietara jo eban eta 1542. urtean heldu zan Goara. Halako sailak aurrean ikusita, Xabier geldiezina zan: bertako hainbat hizkuntzetara jarri ebazan kristau sinismeneko egiak eta otoitzak. Harritzekoak egin ebazan misiolari lanetan: ezin-zenbatu ahala bateatuak, astunak eta arriskutsuak bere gain Eleizeak jarritako arazoak (Aita Santuak bere ordezkari izendatu eban Sortalde osorako).

Eta 1552. utean, abenduaren 3an hil zan Xabier, 46 urteko zala. Bere heriotzako ataltxo bi azpimarratuko doguz: hilten egoala ahopean otoitzean ziharduala, inok ulertzen ez eban hizkuntzan entzun eutsoen; askoren ustez Euskeraz; zeozegaitik da Euskeraren zaindari; eta bigarrena, Xabier hilten egoala, Xabierko gazteluko Santokristoak odol tantak ixuri ebazala.

Xabiereko San Frantzsikoren Misiolari Bidaiak
Pio X. garrenak Sinismen Zabalkundearen zaindari izendatu eban. Berau dogu, gainera, Jesus Umearen Teresatxo doneagaz batera, Misino eta Misiolari guztien zerutar eredu eta zaindari.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina