2013/07/10

Palestina, beste mundu bat

Facebooki esker Arkaitz Herasen barri jaso nebanean zur eta lur geratu nintzan. Zelan da posible nire ikasle ohi bat Palestinatik ibiltea? Askotan Jerusalem, Belen, Itsaso Hila, Jeriko... eta halako izenak aipatzen doguz erlijio klaseetan; ni inoiz ez naz handik egon, eta orain nire ordenagailuan, Arkaitzen perfilean leku hauetako argazki zoragarriak ikusten nebazanean harrituta geratzen nintzan. Proposamen ausarta bota neutsan: Animatuko zinateke erlijio.blogspot.com webgunerako barri bat idazten? Eta hona hemen Arkaitzen idazlana: (Mila esker Arkaitz!!)

22 urteko ingeniaritza kimikoko ikaslea naiz, Begoñazpi Ikastolako ikasle ohia. Karrerako bost urteak gainditurik, eta karrera amaierako proiektua baino ez zaidala falta graduatzeko, udarako lan serio baten bila hasi nintzan; behin karrera amaituta zerbait edukitzeko lan munduan sartu ahal izateko. Lana atzerrian izan behar zen, toke internazional bat emateko nire CV-ari, oraingo Espainiako egoera dela eta.

Egia esanik, Palestina ez zen izan nire lehen aukera. Ni Poloniara joango nintzan, eta oso pozik nengoan horretaz. Lagunkide batek Palestinan lortutako lanari uko egitean, neuri joatea gustatuko nintzala esan neban, momentuko ideia ero batez. Ez zaidala ezerekin teilakatzen ikustean, serioago hartu neban, eta azkenean, ni neu postua betetzen animatu nintzan.